
LS.4, MUSIKIDE, Euskal Herriko Beatbox eta Hegoa izango dira Musika Bulegoak, Durangoko Udalarekin eta Agustinak Zentroarekin elkarlanean, sustatutako ekintzailetza programan parte hartuko duten proiektuak.
Durango, 2026ko urriaren 22a. – Musika Bulegoak, Durangoko Udalarekin eta Agustinak Zentroarekin elkarlanean, sustatutako Musik(H)abian ekintzailetza programaren lehen edizioan Euskal Herriko musika sektoreko hainbat arlo ordezkatzen dituzten lau proiektuk parte hartuko dute. Musika Bulegoak egindako deialdi irekira guztira 26 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik hiru hautatu dira. Laugarren plaza Durangoko Udalaren deialdi espezifikoaren bidez hautatutako proiektu bati dagokio.
Hautatutako proiektuak LS.4, Nuria López Garcíarena; Euskal Herriko Beatbox, Boris Leizearena; Hegoa, Mikel Acosta Iraundeguik bultzatua; eta MUSIKIDE, Natale Murray Barandikarena, Durangoko deialdian hautatua, dira.
Lau proposamen musika sektorea aberasteko
LS.4 – Nuria López García
LS.4 sorkuntza eszeniko irisgarriko proiektua da, musika garaikidea, zeinu hizkuntza, dantza, bibrazioa eta bideoa uztartzen dituena, entzuleei zein gorrei zuzendutako proposamenak garatzeko. Irisgarritasuna bere sorkuntza prozesuaren parte da hasieratik. Bere lehen lana, Traducciones efímeras, 2026ko ekainean estreinatu zen Dabadaban, Donostian, Ainara Rodríguez, Itxaiz Otalvaro eta Dánae Riañorekin batera.
Euskal Herriko Beatbox – Boris Leizea
Boris Leizeak, artistikoki Orodreth izenez ezaguna denak, sortutako proiektuak Euskal Herriko beatbox eszena garatu eta profesionalizatu nahi du. Bere ardatz nagusia Euskal Herriko Beatbox Txapelketa da, 2012an hasi eta zazpi edizio izan dituen lehiaketa. Musik(H)abianen bidez, txapelketa urteroko hitzordu gisa sendotzea eta bere jarduera zabaltzea ahalbidetuko duen eredu bideragarri eta jasangarri batean lan egingo du, tailerrak, prestakuntza, erakustaldiak, ikus-entzunezko edukiak eta kontratazio artistikoa eskainiz.
Hegoa – Mikel Acosta Iraundegui
Hegoak Euskal Herriko soinu memoria eta musika ondarea nazioartean berreskuratu, zaindu eta zabaltzeko lan egiten du, arreta berezia eskainiz musika esperimental garaikideari eta soinu artxiboei. Bere jarduera hainbat esparrutan garatzen da, hala nola diskogintzan, musika kuradoretzan, soinu pedagogian eta irratian. Proiektuak Euskal Herria eta Londres artean garatzen du bere lana, eta Audiolab artxiboaren kudeaketa eta Artelekuren ondarearen jarraipena barne hartzen ditu.
MUSIKIDE – Natale Murray Barandika
MUSIKIDEk plataforma digital profesional bat sortzea proposatzen du, Euskal Herriko musika ekosistemako eragileen arteko konexioak errazteko. Tresnak aukera emango die interpreteei, sortzaileei, teknikariei, aretoei, jai batzordeei, diskoetxeei eta gainerako profesionalei beren profilak erakusteko eta lankidetzak aurkitzeko, beren interes eta beharretan oinarritutako bilaketa eta gomendio sistema baten bidez. Proiektua Durangoko Udalaren deialdi espezifikoaren bidez hautatu da.
Prestakuntza eta mentoretza proiektuak garatzeko
Musik(H)abian 10 astetan zehar garatuko da. Lehen saioa urriaren 14an izan zen eta programa 2026ko abenduaren 16an amaituko da. Ekimenak aurrez aurreko 40 orduko prestakuntza eta banakako mentoretzako 25 ordu konbinatzen ditu, proiektu bakoitzari bere negozio eredua garatzen eta bideragarritasuna indartzen laguntzeko.
Saioek musika ekintzailetzarako funtsezkoak diren gaiei helduko diete, hala nola negozio ereduaren diseinua, produktu eta zerbitzuen garapena, marketina eta markaren posizionamendua, legezko alderdiak eta jabetza intelektuala, monetizazioa, banaketa, nazioartekotzea eta sare profesionalen sorrera. Jarduerak Durangon eta Errenterian egingo dira.
Gainera, proiektu bakoitzak 1.500 euroko diru hornidura izango du programarekin lotutako gastuei aurre egiteko, eta Must +PRO, Euskal Herriko musikaren topaketa profesionalaren pitching saioetan bere proposamena aurkezteko aukera izango du.
Lehen edizio honekin, Musik(H)abianek musika sektoreari lotutako ekimenen profesionalizazioan eta sendotzean lagundu nahi du, tresnak eta laguntza eskainiz askotariko proiektuei: proposamen artistikoetatik hasi eta plataformetaraino, ekoizpen ekimenak, zerbitzuak eta musikarekin lotutako beste negozio ideia batzuk.
Musik(H)abian Musika Bulegoak sustatutako ekimena da, Durangoko Udalaren babes nagusiarekin eta Agustinak Zentroaren lankidetzarekin. Programa hiru erakundeen gaitasunak eta esperientziak batuz sortu da: Musika Bulegoak musika-arloan duen ezagutza eta esperientzia eskaintzen ditu; Durangoko Udalak proiektua sustatzen du udalerria sorkuntzaren eta musika-industriaren erreferente gisa sendotzeko egiten duen apustuaren baitan; eta Agustinak Zentroak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren kultura- eta sormen-industrietako ekintzailetzan espezializatutako proiektu estrategiko gisa, programaren garapen metodologikoan laguntzen du eta Errenterian egingo diren saioen zati bat hartuko du bere gain. Programak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren babesa du.







