Skip to main content
Uncategorized @eu

DANTZAZEK DANTZA GARAIKIDEAREN ETORKIZUNAZ HAUSNARTZEKO TOPAKETA EGINGO DU AGUSTINAK ZENTROAN

Azaroaren 3an, 11:30etik 13:30era, Dantzazek topaketa bat egingo du Errenteriako Agustinak Zentroan, dantza garaikidearen egungo egoeraz, sormen-prozesuei laguntzeko aukerez eta sektorearen etorkizuneko erronkez hausnartzeko.

Dantza garaikidearen arloko profesionalek, artistek eta sortzaileek hitzordu berezia izango dute azaroaren 3an, Agustinak Zentroan. Dantzazek antolatutako topaketak esperientziak partekatzeko, harreman berriak sortzeko eta dantza garaikidearen etorkizunaz elkarrekin hausnartzeko aukera eskainiko du.

Laguntzea, konektatzea, aktibatzea lelopean, Dantzazek gaur egun egiten duen lana eta bere jarduera-ildo nagusiak aurkeztuko ditu. Horrez gain, sormen-prozesuei eta ibilbide profesionalei laguntzeko eskaintzen dituen baliabideak ezagutaraziko ditu, artistentzako aukerak zabaltzeko eta haien proiektuei jarraitutasuna emateko helburuarekin.

 

Sormen-prozesuei eta ibilbide profesionalei laguntzeko baliabideak

Topaketan, Dantzazen lau jarduera-ildo nagusiak aurkeztuko dira: Itsasargi Artistak, Ikuspegiak, Kabidanz eta Bitarte-karitza.

Horien bidez, artistei eta sortzaileei laguntzeko hainbat tresna eta baliabide jarriko dira mahai gainean: sormen-egonaldiak, prestakuntza-saioak, tutoretzak, mentoretzak, laborategiak, ikerketa, proiektuen inkubazioa eta sare-lana.

Izan ere, sorkuntza artistikoak, talentuaz eta ideia berriez gain, denbora, espazioak, baliabideak eta harremanak ere behar ditu. Ildo horretan, topaketak aukera emango du ibilbide profesional sendoagoak eta iraunkorragoak garatzeko laguntza-moduak ezagutzeko.

 

Dantza garaikidearen etorkizuna, elkarrizketaren ardatz

Jardunaldian, Dantzazek European Dance Development Network (EDN) sarearentzat egiten ari den ikerketaren lehen ondorioak eta ikasitakoak ere partekatuko ditu. Ikerketa horretan, dantza garaikidearen garapenean ikerketak eta bitartekaritzak duten garrantzia aztertzen ari dira, dantzak gizartean duen balioa agerian jartzeko.

Era berean, elkarrizketa irekirako tartea izango da, sektoreko eragileek beren esperientziak, kezkak eta proposamenak parteka ditzaten. Besteak beste, dantza garaikidearen jasangarritasunaz, egungo beharrez eta etorkizunean elkarrekin eraiki beharreko baldintzez hausnartuko dute.

Hala, topaketa ez da Dantzazen jarduera ezagutzeko aukera hutsa izango; dantzaren inguruko profesionalen arteko harremanak sendotzeko, ikuspegiak partekatzeko eta etorkizuneko erronkei elkarlanean heltzeko gunea ere izango da.

Topaketaren xehetasunak

Eguna: Azaroak 3, asteartea
Ordutegia: 11:30–13:30
Lekua: Agustinak Zentroa, Errenteria
Antolatzailea: Dantzaz Elkartea
Informazio gehiago: www.dantzaz.eus