
Eraikinaren kanpoaldetik manikietako jantziak ikusi dituzu? Kantinara zatoz egunero eta eraikinaren barnean zer egiten dugun jakin nahi duzu? Etorri maiatzean eta urrian antolatu ditugun ate irekietara, eta ezagutu zer egiten dugun bertan.
Bisita Agustinak Zentroko langileek gidatuko dute eta dituzuen zalantzak argitzeko aukera izango duzue. Bertatik bertara ikusiko dituzue artisautzako tailerra, hala nola, ehungintza, bitxigintza, margolaritza eta bakoitzaren makineria espezializatuarekin; kultura eta sormen arloko lanbideentzako coworking espazioa; erabilera anitzeko aretoak; eta baita langune ezberdinak ere.
Maiatzaren 22an, osteguna, izango dira lehen ate irekiak: 12:30etik 13:00ak bitarteko bisita euskaraz izango da; eta jarraian, 13:00etatik 13:30ak artekoa gaztelaniaz eskainiko da. Bertaratzerik ez duzuenontzat, urriaren 30ean, osteguna, bigarren ate irekiak izango dira: euskaraz 11:30ean eta gaztelaniaz 12:00etan
Etorri nahi izanez gero, jarri harremanetan Agustinak Zentroarekin 943518404 telefonoan edo [email protected] helbide elektronikoaren bidez.
Ekainaren 19an urtebete Agustinak Zentroak
Urtebete beteko du laster Agustinak Zentroak. 2024ko ekainaren 19an inauguratu zen, kultura-eta sormen-industrian (KSI) espezializatutako gune ireki eta dinamiko gisa.
Denbora guzti horretan, sektoreko hamaika pertsona laguntzeko aukera izan dugu: izan ere, batetik, kultura eta sormen lanak beren bizibide bihurtzeko helburua duten pertsonei zuzenduta dago; bestetik, laguntza eskaintzen diegu beren jarduera hasi berri duten eta garatzen joateko baliabideak behar dituzten pertsonei; eta, azkenik lekua egin diegu zentroan beren egoera hobetu nahi duten eta dagoeneko finkatuta dauden proiektuei edota enpresei ere.
Guzti hori gauzatzeko, proiektu bakoitzaren egoera zehatza eta aukerak aztertzen ditugu Agustinak Zentroan arreta pertsonalizatuan eta hurbilekoan oinarrituta. Profesionalizaziorako prestakuntza-programak, topaketak eta ekitaldiak ere eskaintzen ditugu, izan ere, profesionalizazioaren bidean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektoreak prestakuntza jaso ahal izatea proiektuen lehiakortasuna hobetzeko funtsezkoak diren esparruetan.