Zianotipiatik joskintzara elkarlan inspiragarri batean.
Pasa den ostiralean, Herri Arte Eskolako Arte Plastikoen ikasleek Agustinak Zentroa bisitatu zuten, eta bertan kokatutako kultura eta sormen proiektuak ezagutzeko aukera izan zuten. Bisitaren helburua artearen eta artisautzaren bidez sormena eta lankidetza sustatzea izan zen, eta horretarako, Maite Anton (Txatxala) artisauarekin batera elkarlan berezia egin zuten.Urrian, ikasleek zianotipia teknikaren bidez teletan estanpazio ezberdinak sortu zituzten. Emaitza horiek hartu eta, Agustinak Zentroan kokatutako Ehungintza tailerraren baliabideak erabiliz, telak joskintza prozesu baten bidez eraldatu zituzten. Prozesu honetan, Maite Anton-ek (Txatxala) gidatu zuen ikasleen lana, joskintza teknika ezberdinak irakatsiz eta haien sormena indartuz.
Ekintza honek artearen eta artisautzaren inguruko ikaskuntza praktikoa eskaini die ikasleei, eta aldi berean, Agustinak Zentroan egiten den lana eta bertako baliabideak ezagutzeko aukera paregabea eman die. Esperientzia aberasgarria izan da; zianotipiarekin sortutako telak forma berriak hartzen ikusi dute, eta aldi berean, sormenezko talde-lana nola den ikasi.
Agustinak Zentroak, elkarlan honen bidez, sormen-proiektuak sustatzeko eta artisautza tradizionala eta garaikidea uztartzeko duen konpromisoa berretsi du.