Skip to main content
Uncategorized @eu

MARTXAN DAGO AGUSTINAK ZENTROA

Kultur eta sormen industrien sustapenerako zentroa

Dagoeneko ireki ditu ateak Errenteriako Agustinak auzoan kokatuta dagoen Agustinak Zentro eraberrituak. Ikastetxe zaharra zena eraberritu ostean, bertan kokatu da sormen zein kultur industrien sustapenerako erreferentziazko zentroa, kulturak eta sormen industriak Errenteriaren eta Oarsoaldearen eraldaketan eta garapenean duen estrategikotasuna eta potentziala garatzen jarraitzeko.

Agustinak Zentroa kultura- eta sormen-industrien (KSI)  arloko proiektuak sustatzeko gunea da. Proiektuen jasangarritasun ekonomikoa indartzeko baliabideak eskaintzen ditu, ekintzailetzailerako ekosistema oso bat eta sektoreko proiektuekin saretzeko aukerak ere bai. Horrela sektorearen ahalduntzea eta balioan jartzea bultzatzen ditu, kultur eta sormen industrietako langileek euren ofizioetatik bizi ahal izateko aukera izan dezaten.Ekintzaileei, kultur eta sormen industrietako proiektuei edo sektoreko eragileei irekitako zentroa da eta Oarsoaldean kokatuta badago ere inguruko lurraldeei irekitako dago. Formakuntza, topaketa profesionalak, lanerako espazioak eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dira bertan. Horretarako proiektu bakoitzaren egoera zehatza eta aukerak aztertzen dituzte bertako arduradunek, arreta pertsonalizatuan eta hurbilean oinarritutako ibilbide-orria eskainiz. Eta guzti hau, gure hizkuntza eta kulturarekiko konpromiso berezi batekin, zerbitzu guztiak bere osotasunean euskaraz jaso daitezkeelarik, hala nahi izanez gero.Gaur egun, Agustinak Zentroan diharduten enpresa-proiektuek diziplina ugari hartzen dituzte: moda eta argazkigintza, bideojokoak, multimedia, interaktibitatea edo informazioaren eta komunikazioaren teknologia. Askotariko eta elkarlaneko giro horrek aukera paregabea eskaintzen du sektoreko ekintzaileentzat eta profesionalentzat. Hemendik aurrera ere, ekintzaile eta proiektu berrientzat irekita dago Agustinak Zentroa.

Horretarako www.oarsoaldea.eus/agustinak-eskaera orrialdean eman behar da izena.

Erakundeen arteko lankidetzaren emaitza

Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren eta Oarsoaldeako 2025 Plan Estrategikoaren baitan irudikatutako proiektu honek 2,6 milioi euroko inbertsioa izan du orotara. Horretarako, udal baliabideez gain, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren laguntza ere izan du proiektuak. Kultura sailetik milioi bat euroko laguntza bideratu da eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziatik 700.000 euro. Oarsoaldea Garapen Agentzia arduratuko da proiektuaren kudeaketaz.

Auzoari irekitako espazioa

Eraikinaren izaera eraldatzeak, eraikina bera kalera eta herritarrengana irekitzea ekarri du. Orain arte itxita zegoen lorategia auzora ireki da, aisialdi-gune gisa eta taberna bat ere izango du laster (lizitazio prozesua irekita dago). Era berean, plaza bat ere badu eraikinak; bertako erabiltzaileen eta bisitarien arteko bilgune eta topagune bat, non, gainera, ekitaldiak antolatu ahal izango diren.

Agustinak Zentroari eta bere zerbitzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan honako hauekin:

Esti Susperregi
[email protected]
943 494 129

Leave a Reply