Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarren erakusketa ikusgai izango da bihartik aurrera Jantziaren Zentroan. Joskintza lantzen duten hiru sortzaileren proposamen berriek ekainaren 30 era arte Kapitain-etxearen sarrerako aretoa beteko dute.Anne Gajate, Ruben Pantiga eta Maite Anton Mugerza, hiru estilo eta bilduma ezberdin, hirurak ere oihalgintzarekin zer ikusia duten proposamenak dira.
Anne Gajatek (Errenteria 1990) Sakura, 2024 Udaberri-Udako gonbidatuentzako bilduma berria aurkezten du. Sakura hitzak japonieraz gereziondoaren lorea esan nahi du, eta hain juxtu loraldi horretan inspiratu da Anne Gajate bilduma berria sortzeko. Anne Gago markak ospakizun berezietarako emakumeentzako jantziak egiten ditu, guztiak ere kalitatezko ehunetan josiak, horietako batzuk eskuz brodatuak.
Ruben Pantigak (Asturias 1979) ReWork izeneko proposamenarekin berrikuntza eta originaltasun narratiba irudikatzen du. Helburua diseinatzailearen markak, KIBō Moda Consciente-k iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmentzea da, horretarako mundu zabalean ehungintzaren industriak egiten dituen gehiegikeriak gogorarazita. Sortzaile asturiarrak upcycling teknikaren eta berrerabilitako ehunen bidez berrerabilpenean edertasuna eta dotorezia egon daitekeela erakutsi nahi du.
Maite Anton Mugerzak (Ondarroa, 1988) Lili bat bilduma dakar Jantziaren Zentrora. Bildumak Udaberriaren, naturaren eta loreen esentzia islatu nahi du oihaletan. Puntada bakoitzean, loreen fintasunari bizia ematen dio, haien esentzia oihalean harrapatuz, udaberriak lurra esnatzeko duen arreta berarekin. Txatxala joskintza proiektuaren proposamen berrirako sortzaile ondarrutarrak loreak ditu inspirazio iturri, moda-osagarrietan: poltsak, motxilak, karterak, buffak eta turbanteak.
Hiru sortzaileak apirilean zabaldu berri den Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarrak dira. Errenteriako Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak zabalduta kultur eta sormen proiektuak, horien artean artisauak, bere enpresa-ekimenak aurrera ateratzeko beharrezko baliabideekin eta ekosistema sendo batekin hornitzea du helburu.
Erakusketa Jantziaren Zentroak eta Agustinak kultura eta sormen industrien zentroarekin batera egindako elkarlanaren lehen emaitza da.
Agustinak kultura eta sormen industrien zentroko egoiliarren 2024 erakusketa Jantziaren Zentroaren beheko solairuan doan ikus daiteke maiatzaren 4tik ekainaren 30era bitarte. Ordutegiari dagokionez, larunbatetan goizeko 11.00-14:00 /17:00-20:00 bitarte eta igandetan goizeko 11:00/14:00tara